Harremanetarako atalean zure datuak utzi, mezuan egitasmoa non egin nahi duzun adierazi eta gu jarriko gara zurekin harremanetan.
Kuxkuxeroak egitasmoa nire herrira ekarri nahi dut. Zer egin behar dut?
Saioak egingo diren aretoak zer ezaugarri izan behar ditu?
Aretoak bete beharreko gutxieneko ezaugarriak honako hauek dira:
- Estalia izan behar du
- Ordenagailua eta proiektorea
- Sareko konexioa
- Entzuleak eseri ahal izateko eserlekuak
Nork dinamizatuko ditu saioak?
Kasuan-kasu erabakiko den arren, Iametzak honako zereginak bere gain hartu ditzake:
- Gonbidatuen aurkezpena.
- Denboraren kontrola eramatea.
- Saioa dinamikoa izateko parte-hartzea sustatzea.
- Saiorako aurreikusitako eskema edo programa betetzeko dinamizazio lana burutzea.
- Hizkuntza ez-sexista eta hezkidetzari lotutako baloreak bete daitezen ikuskatze lana egitea.
Zer adin tarteri begira aurreikusten dira saioak?
Kuxkuxeroak egitasmoa bereziki 12-16 urte arteko gazteei begira diseinatu da, baina behar zehatzen arabera, goitik edo behetik adin tarte hori moldatu, zabaldu edo egokitu liteke.
Zer gertatzen da aurreikusitako adin tartekoa ez den norbait joaten bada saiora?
Ez zaio inori debekatuko aretora sartzerik bere adina dela-eta. Sustapena bereziki aldez aurretik zehaztutako urte arteko gazteei begira egingo bada ere, saiora edonor joan ahal izango da.
Saioetara joateko izena eman behar al da?
Herri bakoitzeko beharrak eta ezaugarriak kontuan izanda hartuko da erabaki hori. Plaza kopurua kontrolatzeko beharrezkoa ikusten bada, www.kuxkuxeroak.eus webgunean izena emateko formularioa aktibatuko da.
Zer gertatzen da norbaitek euskara ez den beste hizkuntza batean egiten baditu galderak edo euskara traketsa erabiltzen badu?
Norbaitek euskara ez den beste hizkuntza batean egiten baditu galderak, gonbidatuek entzun egingo diote eta ondoren naturaltasun osoz euskaraz erantzungo diote.
Hizkuntza ereduari dagokionez, saioen helburua ez da euskara garbia hitzegitea, baizik eta euskaraz solasaldi entretenigarri, dibertigarri, erakargarri eta atsegina lortzea.